1AUKERA.FAMILIA_op-1 Familia terapia

Familia terapia

Noiz jo familia terapia egitera?

Familiek itzelezko gaitasun sortzailea erakusten dute euren bizitzetan zehar askotariko arazoei aurre egiterako orduan, aurretiko baliabideak erabiliz zein berriak sortuz egoera benetan konplexuak gainditzeko. Batzuetan ordea, gaitasun sortzaile hori oztopatua gelditzen da eta aurrera egin ezinik geratzen dira, edo aurrera egite horrek sufrimendu handiegia suposatzen die familia-kideei. Hori izan daiteke beraz familia terapia batera jotzeko momentu aproposa.

Beharbada, familiako kideetako batek bakarrik agertzen ditu sintomak edo problematikoak suertatzen ari diren  jokaerak. Batzuetan sintomatologia larria ere ager daiteke. Honela, denen arreta bere gain jarri ohi da, eta arazoaren muina bertan kokatu, nahiz eta sufrimendua denen artean banandua egon. Maiz, sintoma edo jokaera horiek banakoari baino, sistema familiarrari dagozkio, eta komuneko arazo edo gatazka bat egon daitekeela adierazten digute, konponbidearen giltza ere familiako kide ezberdinen artean banaturik egongo delarik.

Gehiago irakurri

Identitatearen eraikuntza familian

Gure identitatearen eraikuntza familia testuinguruan hasten da, jaio bezain pronto kide egiten garen bizi-gune horretan hain zuzen ere. Transmititzen diguten horrekin adostasunean edo kontrakotasunean haziko gara, baina sekula ere, ez zaigu oharkabean pasako. Edozelan ere, hori hastapena besterik ez da, gure identitatearen eraikuntza gure bizitza-aro ezberdinetan zehar finkatzen joango baita:

  • Haurtzaroan, kide garen familia horren lehendabiziko identitate transmisioa ematen da. Gurasoen eskutik ez ezik, gure zuhaitz genealogikoa osatzen duten arbasoen eskutik ere ematen da.

  • Nerabezaroan, gure banakako identitatea eraikitzeko lanari ekiten diogu; indibiduazio deritzon prozesua ematen da: gure berdinekin harremanak sendotuz eta familiatik bereiziz. Honek berregokitze bat eskatu ohi du familietan.

  • Banakako hori finkatua dagoenean, elkarbanatzeko desioa agertu ohi da, intimitatedun harreman afektiboak eraikiz beste pertsona batzuekin. Harreman batean, baliotsua den zerbaiten baitan  komuneko elkartasun esparru bat eraikitzea posible denean, kidetasun identitate berri bat sortzen da: bikotea.

  • Prozesuari, bikoteak seme-alabak dituenean berriz ekiten diogu. Honela ematen delarik belaunaldietan zehar transmisioaren zikloa.

 

Nola heltzen dio honi Terapia Sistemiko Konstruktibistak?

Sistema familiarraren gaineko eta identitatearen eraikuntzaren prozesuen gaineko begirada oso-betea ahalbidetzen du ikuspegi honek. Bere helburua gatazkatsuak, ez funtzionalak eta egitura-gabeak diren dinamikak zehaztea, argitzea eta egoerari heltzea delarik. Horregatik hain zuzen ere, Terapia Sistemikoan bezeroa ez dira banakako pertsonak izaten, multzoa baizik, sistema bera: familia edo bikotea. Eredu hau bereziki egokia izan daiteke gatazkek pertsona bere jatorrizko familia harrapaturik mantentzen dutenean, eta beraz ezin duenean bere bizitzan, bikotean edo eta bere familian aldeko modu batean funtzionatu.

Dinamika familiarrean kontzientzia gehiago jartzean, Terapia Sistemikoak familia egituraren edo komunikazioaren baitan ematen ari diren asaldurak topatzen eta argitzen laguntzen du, beren jatorri eta funtzioa, eta hauek familia-kide ezberdinengan nola eragiten ari den ulertu. Honela, enkistatutako harremanak lehengoratzea eta funtzionamendu forma berriak topatzea errazten du, sistemako kide guztientzat onuragarriak izango diren modu berriak.

Terapia mota honetan ere, edozein terapia humanistetan bezala, terapeutak ez du familia zuzentzen, bere azterketa eta hausnarketa prozesuan lagundu baizik, dinamika familiarraren ondorioz kaltetuak suertatu diren baloreekin birtopatzeko aukera eskainiz.