zerbitzuak_banakako Banakako terapia

Banakako terapia

Lantzean behin, pertsonok gure burua hobeto ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko dugun beharraren ondorioz jotzen dugu terapiara. Baina maiz, terapeuta baten laguntza bilatzen dugu daukagun sufrimendua arindu, leundu, gainditu edo eta ulertu nahi dugunean. Horretan sakontzen dugunean, sufrimendu hori zerbaiten ondorioz hor dagoela konturatu ohi gara; ulertua, asimilatua eta onartua behar duena izan.

Batzuetan sufrimendu moral moduko bat da, non pertsona bere baloreekin bat ez datorren bizitza bat eramateagatik sufritzen duen, sakoneko egonezin bat sentituz. Tarteka, errealitatearen gaineko begirada estua izategatik sufritzen du pertsonak, bere ikuspegia egiazkoa den bakartzat jotzen duenean. Beste batzuetan, existentzia-sufrimenduarekin du zerikusia, norbera ez dagoenean ziur jarraitutako bizitza-bideaz edo zentzu faltagatik hutsunea sentitzen duenean. Sarritan, osatu gabeko iraganeko zaurien ondoriozko sufrimendua ere izaten da, edo egungo egoera baten ondoriozko mina, adierazia, ulertua eta onartua behar duena izan. Sentiberatasun ezberdina izatearen ondoriozko sufrimendua ere izan daiteke, ez ulertuak, ‘normalak’ sentitzen ez diren pertsonetan dagoena, edo eta sendotasun faltaren osteko sufrimendua ere izan daiteke.

Sufrimendu hauek geureganatzeak eta haietan sakontzeak, bizitza kontzienteago eta sakonago batera eraman ahal gaitu. Honela, lan terapeutikoaren oinarri nagusietako bat pazientea gertatzen ari zaionaren inguruan kontziente izatea da, hemen eta orainaz konturatzea eta jabetzea, eta beraz bere gaineko ardura hartzea. Ondorioz, bere gaitasunak garatu ahal izateko aukera izango du pertsonak, zinezkoa izateko aukera.