Intimitatea, bikotea eta familia konfinamendu garaian Robert Neuburger-en eskutik  Ostiral arratsaldean C.E.F.A Madrid-ek antolatutako online konferentziari esker Robert Neuburger-en hitzak entzuteko aukera izan genuen, psikiatra eta terapia sistemiko konstruktibistan aditua, baita aukeraz gozatu ere. Bizitzen ari garen garai honetan, eta etxeko egoera ezohiko eta esperimentalean hain beharrezkoa den horri buruz, intimitateari buruz hausnartzeko aukera izan genuen.

Konfinamendu egoera honek familia batzuetan eragin positiboak ere izan dituen arren, arazoak zeuden familietan zailtasunak larriagotu eta egoera bortitzagotara eraman ditu askotan: umeen arteko biolentzia, nerabeena gurasoekiko eta aldrebes, bortizkeria bikotean…

Intimitatearen eremu ezberdinak kontutan hartzeko modukoak dira zentzu honetan. Intimitatea ulertuz gizarte honek eskaintzen digun eskubide gisa, non eremu batean administratzaile garen, gure baimenik gabe inork sartzeko aukerarik ez duen eremua. Eremu fisiko, psikiko eta gaitasunei dagokien eremua. Intimitatearen esparru honek aldi berean existitzen garenaren sentimendua ere bideratzen du. Konfinamendu egoera honetan beraz, zailtasunak areagotzen dituzten hiru faktore dira garrantzitsuak eta kontutan hartzekoak: gertutasuna, aurretik zeunden zailtasunak eta kanpoko begiradarik ez egotea.

Honekin batera ez dugu ahaztu behar intimitate esparru ezberdinak daudela eta konfinamendu egoera honetan haien artean gatazkak eman daitezkeela eta ematen direla, batzuk besteen ‘lurraldeak’ inbadituz: familia intimitatea, bikote intimitatea, anai-arreben arteko intimitatea eta intimitate pertsonala. Intimitate eremu ezberdinen kudeaketa heldu beharreko erronka bat da konfinamendu garaian, baita gerora ere.