NOIZ ETA ZERTARAKO JO TERAPEUTA BATENGANA?

ZEIN NOLAKO LAGUNTZA ESKAINTZEN DA HEMEN?

Badira bizitzan momentuak non laguntza bila jotzen dugun profesionalengana, esku bat luzatuko digun norbaitengana, dagoeneko ditugun baliabide eta estrategiak zein sormena ez direlako nahikoak daukagun egoera horri heltzeko, pairatzen dugun sufrimendu hori arindu edo gainditu nahi dugulako, edo eta gure buruarekiko ezagutzan sakondu nahi dugulako.

Psikoterapia bide ezin aproposagoa izan daiteke horrelako egoeretan, terapeuta bide lagun izango dugularik ibilbide horretan aurrera egiteko. Egoerak, banakako egonezin edo prozesu batekin izan dezake zerikusia, bikotean ematen ari den egoerarekin, familia testuinguruan pairatzen ari garen sufrimenduarekin, gure bizitzan parte hartzen dugun eta parte garen eremu ezberdinekin. Horren arabera, terapia mota bat edo beste bat izango da beharrezkoa.

Gehiago Irakurri

Ikuspegi integratzaile bat erabiltzen dut nire jardunean, psikologia humanistan kokatzen dut nire burua profesional gisa, eta Terapia Sistemiko Konstruktibista nire oinarri nagusietako bat da. Psikologia Humanistatik lan egiteak, pertsonarengan arreta jartzen duen ikuspegi batetik aritzea suposatzen du; pertsona osotasun moduan hartuz, parteen batuketa huts bat baino harago, non buruak eta gorputzak elkarreraginean aritzen diren. Ikuspegi honek pertsonak hautemandako bizipenean jartzen du azpimarra: pentsatzen, sentitzen, hautematen eta egiten duen horretan, eta hauek elkarri nola eragiten dioten. Gaixotasuna baino, osasuna jartzen du erdigunean, pertsona edo sistema familiarra subjektu eta protagonista bezala ikusi eta bere beharrei erreparatzen dielarik. Bere edo haien testuingurua, baloreak, harremanen eremua eta kultura kontutan hartzen ditu azalpen psikologiko bat ematerakoan, lan hipotesi bat osatzerakoan eta euren prozesuan bidelagun izaterakoan.

Maiz, gure gatazka pertsonal askok gure jatorrizko inguru familiarrean bizitako askatu gabeko korapiloetan dute jatorria. Horietako askoren ondorioei bakarka heldu dakieke, baina gatazka emozionala eragin zuten inplikazio familiarrek oso presente jarraitzen dutenean, ondorioz sortzen den konplexutasuna ikuspegi sistemiko batetik ere heltzea komeni izaten da. Horregatik hain zuzen ere, banakako terapian jardutean ere, ikuspegi sistemikoa oso presente izaten da nire lan egiteko moduan.

Lan egiteko eredu honetan hortaz, edozein terapia humanistetan bezala, terapeutak ez du pertsona, bikotea edo eta familia zuzentzen, bere azterketa eta hausnarketa prozesuan lagundu baizik, haiek izanik momentu oro euren erabaki eta buruen jabe, prozesu terapeutiko guztian zehar.